XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zertarako? Beñatek ere mintzatzeko gogoa eduki.

- Zertarako?

- Beren agintea eta indarra adierazteko.

- Horretarako beldurra eta izua behar dituzte faxistek.

- Horixe ari dira egiten Euskal Herri osoan zehar.

- Erriberan hemen Mendialdean baino ankerkeria gogorragoak egiten ari dira.

- Ni izan naizen herrian, Teresa, bazeramatzaten hogei hildako baino gehiago.

- Baina Beñat, ni herri bazter bateko neskame lotsatia besterik ez naiz.

- Egunak eta egunak lana besterik egin gabe igarotakoa.

- Zertarako iseka anker eta miserable bat ni bezalako lotsati bati?

- Faxisten leloa indarra adieraztea delako.

- Batez ere jendearengan izua sortzeagatik.

- Ez al duzu gogoan Nazario indianoak esan ohi zuena?

- Izua sortzeko?

- Bada begira, niri lotsa kendu egin didate.

- Lotsa eta fedea.

- Baina zuk Beñat, idazten ari beharrean, zaindu egin beharko zenuke zeure burua.

- Bihar zure bila etorriko dira zalantzarik gabe.

- Baina nik Eskailuri itxaron behar diot; badakizu, nirekin etorri zen miliziano horri.

- Bai, ikusi nuen zurekin batean autotik jaitsi zena.

- Baina etortzen den bitartean Xantos bera egon zen tokira eramanen zaitut.

- Baina etortzen ez bada?

- Etorriko da, etorriko da.

- Beldur gehiago ematen dit niri zuri zerbait gertatzeak.

- Niri zer egin behar didate gehiago?

- Zer?

- Jo eta hil?

- Zeure buruaz arduratu, zeure buruaz, Beñat, eta hartu beharreko neurriak, har!

- Hartuko ditut, hartuko ditut behar diren neurriak; egon lasai!

Beñatek, eseririk zegoen tokitik besoa gerri atzetik igaro zion ondoan zutik zeukan emakumeari eta kiribel xume-xumeak egiten zizkion; xirriak.

Teresak bere aurpegia eseritako gizasemearen buru gainean jarri zuen.

- Ez didazu oraindik esan zergatik ari zaren idazten gizarteko mixeria horiek.

- Begira, ohostu dizkidaten idazki zahar haietan zegoena berriro nola edo hala berridazten saiatu beharko dut.

- Idazki zahar haietan zegoen jakinduria zaintzeko ardura nuen eta horra!, ez naiz behar bezain zuhurra izan; ez dut jakin izan behar bezala zaintzen.

- Behar bada oraindik ere eskuratuko ditugu.

- Nik lagunduko nizula agindu nizun.